XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XANTI MENDERATZALEA

Erregesoro, aurreragoko urteetan, soldaru-zelaia zan; antxen saiatzen ziran karlista-gerratean gazte borrokalariak.

Oraingoan ez zan asarre-arrastorik ere, guda bukatu ta sua itzali zan.

Oraingoan igandea zan, igande-arratsaldea.

Bazkalondoz asi ziran neska-mutillak Erregesoro-n, gazteak geroxeago ta urrena gizon-emakumeak.

Erregesoro-n jende asko bildu zan.

Bai-ba' Erregesoro-n txerpolariak eta txotxongilloak-eta ba'ziran.

Txerpolarien tegia aundi xamarra zan, oialez osorik estalia, orduko emakumearen gerritik beerako gonaren antzera.

Onela zegoan jarria: Compañía gimnástica acrobática y mímica de don Rafael Diaz de Lisboa.

Beste toki batean Toni Grice par-eragille ospetsua esaten zuten.

Ba'zan ere txotxongilloen txabola, aurre-aldean bizkar-aulki askokin.

Aur asko ikusten zan an.

Zelaian Andoain-dik Irun-erako bide zabalaren ertzean zegoan zelaian jendea askotxo ibiltzen zan eta baita Santa Katalina-eguraztokian ere.

Auek egualdi-oneko eguraztokiak ziran.

Xanti-ri arte batean bizi ala bestean, ez zion ajol aundirik.

Berdin zitzaion sagardotegian egon, La Fraternal-en aritu ala neskarik aberatsenaren atzetik ibilli.

Orduan neskaren atzetik zebillen Kurrutako-ren kaltezko asmoak ba'dakizkigu ta neska ikusten ez zuala-ta berdin bai-zitzaion batera ala bestera jo ta txerpolariak ikustera joan zan.

Barrengo musika zarra kanpoan ere bear baño geiago entzuten zan.

Orduko txerpolariak ez ziran bestetakoak baño askoz obeak.

Arako emakume lodi ura, zaldiarekin ari zana, ez zitzaion oso atsegingarria Xanti-ri.

Onen iritziz dantza baño egiteko egokiagorik ez du emakumeak.

Ezkontzekotan, berarentzat bakarrik dantzatu lezakean andrea artuko luke.

Beraz, emakumea dantzaria atsegin Xanti-ri.

Txerpolarien jauzka ta irabioak, alde-alde, beti bat zirala-ta, ez zioten zer arritu aundirik ematen gazteari.

Aidean, bai aurrera bai atzera, bira osoa egiten daneko salto ura, ala ere, beti atsegiñena izan zuana zan, garbi egitekotan.

Toni Grice-ri eskerrak, par-egiña oparo etorri zitzaion.

Oial beltz baten aurrean, zuriz jantzia, izugarrizko saltuak egiten zituan Toni Grice-k.

Xanti-k berak ere, zerbait saiatua zala, ezin sinistu ikusten zuana; gero-ta ikotika aundiagoak eta luzeagoak egiten zituan iñolazko arrigarrizko tankeran.